XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BEROA: NOLA APROBETXATU ETA NOLA BABESTU

Tenperatura altuak ondoezak jarri ditzakete sarri-askotan, baina badute osasunarentzat ondorio onik ere. Oso ezagunak dira saunaren eta lurrun bainuen ondorio onuragarriak (nahiz eta gomendagarriak ez izan tentsio apaleko jendearentzat): tratamendu mediko batzuek beroaren aplikazioa eskatzen dute sendatu beharreko gorputz zatietan; eta, azkenean, eguzkiari esker izerditan aritzea gure organismoak eskertzen duen garbiketa da.

Hala ere, eta areago ozono geruzaren degradazioa kontutan harturik, garrantzizkoa da eguzki erradiazio handiegitik babestea. Jantzi arin baina erresistenteekin estaltzeak laguntzen du. Kotoia eta linua bezalako ehun naturalak egokiak dira, nahiz eta garrantzizkoa izan koloreon hautaketa, tonu ilunek bero gehiago hartzen baitute argiek baino.

IZERDIA

Izerdiaren 90%a ura da. Gainerakoa gatz mineralez eta urea bezalako elementuz osatua da. Gai hauetariko batzuk toxikoak dira, gorputzak bota beharrekoak, horregatik izerdia beroaren ondorio beharrezko eta onuragarria da.

Baina gehiegizko izerdiak deshidrazioa ekar dezake eta orduan galdutako ur eta gatz mineralen gabezia errekuperatu behar da. Horregatik, sauna, lurrun bainu edo eguzki galgatan egindako ibilaldi baten ostean ur minerala edan behar da, ez hotzegia, zeren tenperaturen arteko alde handiegia txarra baita.

BAINU BEROAK

Uraren berezitasun fisiko eta kimiko sendagarriez baliatzen den hidroterapiak kontutan hartzen ditu beroaren ondorio terapeutikoak. Ur berozko bainuak oso gomendagarriak dira bularreko angina edo arterioesklerosis diabetikoa bezalako gaixotasunetan.

Bestalde, bainu bero oso batek gorputza erlaxatu eta giharreko tentsioa apaldu egiten du, horregatik ezinhobea da urduri dauden pertsonentzat edo, oheratu baino lehen, lo egiten laguntzako.

Hileko mina ere apaldu daiteke ur beroko boltsa bat ezarriz obarioen aldean. Beroak lixeriketa eta hesteetako iraganbidea errazten ditu, baita giltzurrunen funtzioa ere.